BAKE-ESZENATOKIA EUSKAL HERRIARENTZAT
1. SARRERA HISTORIKOA
Euskal Herrian bakeaz hitz egitea, gure historian zehar oso urria den ondasun bati buruz mintzatzea da. Horregatik, Euskal Herrian bakeaz aritzeak zintzotasuna eta ardura politikoa eskatzen du bai azterketak, bai proposamenak egiteko orduan.
Talaia horretatik, Batasunak bakearen inguruan egiten dituen hausnarketa eta proposamenak zehaztu nahi ditu.
Bakeari buruz mintzatzeak, iragana kontuan izateaz gain etorkizuna gaurdanik era ezberdin batean eraikitzea eskatzen du. Etorkizun hori gaurdanik eraiki beharrean gaude, denbora gehiago galdu gabe, aitzakiarik gabe.
Gure herriak berrehun urte inguru daramatza bake-eszenatokirik ezagutu gabe: Iraultza Frantsesak sorturiko errepresioa, matxinadak, gerra karlistak, bi mundu gudak, 1936an Estatu espainiarrean emandako altxamendu faxista eta ondorengo diktaduraren aurkako borroka herritarrak eta egungo egoerak... gure herriaren benetako errealitatea argi marrazten dute. Azken finean, gure historiako azken berrehun urtetan, euskal herritarrok gure bizitza sozial eta politikoa halako egoera mingarrian garatu dugu.
Hala, XVIII. mendeaz geroztik, Euskal Herrian belaunaldi bakar bat bera ere ez da egon gerra, tortura eta kartzela ezagutu ez dituenik. Honek ematen dio benetako izaera historikoa, izaera politikoa eta izaera tragikoa bizi dugun gatazkari.
Mende berria estreinatu dugun honetan, herri eta herritar gisa dagozkigun eskubideen urraketa eguneroko errealitatea dugu Euskal Herrian. Eta urraketa iraunkor horrek dakar, ondorioz eta oraindik ere, gatazka giroa, hildakoak, atxiloketak, tortura, presoak, iheslariak edota erakundeen ilegalizazioak gurean.
Finean, hauxe baita gure herrian bizi dugun tragedia: Euskal Herriaren existentziaren ukazioa eta, ondorioz, dagozkion eskubideen ukazioa eta urraketa. Hau da, eta ez besterik, herri honetan bizi dugun gatazkaren iturburua: Estatu espainiarrak eta frantziarrak ez dute aitortzen herri bat garenik eta, beraz, ezta nazioarteko legediak munduko herri ororentzat onartu eskubide unibertsalak dagozkigunik ere.
Etengabean mantendu den eszenatoki hau da beraz, aldarazi behar duguna. Hori da gure ardura eta gure betebeharra. Gauza guztien gainetik, hori da gure lehentasuna, gure herriak bakea eta justizia ezagutu ditzan, gure herriak bere etorkizuna askatasunean jorra dezan.
2. BAKEA ERAIKITZEA ESKUBIDEEZ MINTZATZEA DA
Batasunarentzat, bakea eraikitzea eskubideez mintzatzea eta eskubideen alde jardutea da, hau da, euskal herritar gisa dagozkigun eskubideak gauzatzeko aukera emango duen eszenatokia sortzea.
Bakea guretzat eskubide guztiak aitortzea eta onartzea da. Batasunarentzat bakea gure eskubideen egikaritze demokratiko eta baketsua errespetatzea da.
Bakea helburu duen dinamika eraginkor baterako beste oinarrizko zutabea eszenatoki hori Euskal Herriko euskal herritar ororentzat bermatzea da.
Eskubide guztiak, Euskal Herri osoan, euskal herritar ororentzat, lortzea dugu oinarrizko helburu.
3. BAKEAREN ERAIKUNTZA PROIEKTU POLITIKOETATIK BEREIZI BEHAR DA
Bakearen aldeko dinamika eraginkor bat abian jartzeko, Batasunarentzat bake-eszenatokia eragile bakoitzaren proiektu politikotik ezberdintzea ezinbestekoa da.
Zentzu horretan, Euskal Herriarentzat bake-eszenatoki egonkorra eta iraunkorra eraikitzeko ezinbesteko baldintza edozein proiektu politikoren inposaketari uko egitea izan behar du.
Horixe da Estatu espainiarrak eta frantziarrak egiten ez dutena. Eta bi Estatuek Euskal Herriaren ukazioan oinarritzen duten estrategia politiko setatia da egoera gatazkatsuaren iturburua, izan ere, bi Estatuak baitira beren proiektu politikoak gure herriari indarrez inposatzen dizkiotenak.
Batasunak, bere izaera demokratikoaren baitan, Euskal Herrirako bake-eszenatokia eraikitzeko bere proiektu politikoaren inposaketari uko egiten eta egingo diola azpimarratzen du alde batetik eta bestetik, proiektu politiko guztiak berdintasunezko baldintzetan garatzeko bermea eskainiko duen eredu demokratikoa Euskal Herrian eraikitzeke dagoela aldarrikatzen du. Finean, Euskal Herriak behar baititu hitza eta erabakia.
4. BAKEA ERAIKITZEA AUTODETERMINAZIO ESKUBIDEAZ ARITZEA DA
Batasunarentzat, Autodeterminazio Eskubidearen aitormena Euskal Herriarentzat bake-eszenatokia eraikitzeko gakoa da.
Autodeterminazioa, Euskal Herrian eskubideen berdintasuna ahalbidetuko lukeen esparrua eraikitzeko tresna juridikoa, politikoa eta demokratikoa da.
Gure herriarentzat etorkizun libre eta baketsu bat eraikitzen hasteko, Estatu espainolak eta frantziarrak Autodeterminazio Eskubidea onartzea ezinbesteko oinarria da.
Autodeterminazio Eskubidearen subjektua Euskal Herria da eta bere gauzatzea euskal herritar orori dagokigu.
Autodeterminazio Eskubidea ez da inoren aurkako tresna gisa planteatu behar, bakerako tresna izanik gure elkarbizitza politikorako berme moduan baizik. Hau da, Autodeterminazioa eskubideen berdintasunerako bermea da.
5. BAKEA ERAIKITZEA ANIZTASUNA ERRESPETATZEA DA
Bakearentzat eszenatoki bat eraikitzea gure herriaren aniztasuna errespetatzea da. Zentzu honetan, Batasunak argi utzi nahi du herri honen aniztasunak merezi dion errespetua eta berau, aberastasun kultural eta politiko bezala ulertzen dugu.
Aniztasunaz ari garenean, Euskal Herria Ebrotik Atturriraino zabaltzen den herria dela eta, era berean, herrialde ezberdinak, alderdi eta proiektu politiko ezberdinak, herritarren arteko ikuspegi ezberdinak, nazio atxikimendu ezberdinak eta, oro har, gizarte anitza dugunaren jabe gara.
Autodeterminazio Eskubidea ukatzea gure herriaren aniztasunari egiten zaion erasorik handiena dela indar biziz adierazten dugu eta, zorroztasun berdinarekin aldarrikatzen dugu aniztasunari bide demokratikoa eta baketsua Autodeterminazio Eskubidearen onarpenak emango diola.
6. AUTODETERMINAZIOAZ ARITZEA GIZA-ESKUBIDE BATEZ MINTZATZEA DA
Autodeterminazio Eskubidea aldarrikatzea giza-eskubide bat aldarrikatzea da.
Eskubide hau aldarrikatzea bakearen eta askatasunaren alde borrokatzea da. Eskubide hau aldarrikatzea Euskal Herria onartzea da.
Autodeterminazioa euskal herritar ororen eskubidea da, guztion ondare izan behar du. Autodeterminazioak ez du inoren eskubiderik murrizten, ez da inoren aurkako mehatxua.
Eskubide honen onarpenak bake egonkorrerako eta iraunkorrerako atea bete-betean irekiko luke.
Eta Eskubide honen onarpenak Euskal Herriak Estatu espainolarekin eta frantziarrarekin duen gatazkaren izaera aldatuko luke.
Autodeterminazioaren eskubidearen onarpenak ahalbidetuko luke:
Euskal Herria bakerako eszenatokia:
Euskal Herriak bi Estatuekin adostutako Akordio Politikoak azken bi mendetako ibilbide politiko gatazkatsuari behin betikoz konponbidea emango lioke eta elkarrekiko errespetuan eta eskubideen berdintasunean oinarritutako bake-eszenatokia irekiko luke.
Euskal Herriak bere etorkizun politikoa, soziala, ekonomikoa, linguistikoa eta kulturala libreki antolatzeko eskubidea eskuratuko luke.
Ondorioz, bizitza politikoan presente izan diren indarkeria mota guztiek desagertu beharko lukete.
Halako errealitateak, gerra presoen askatzea ekarriko luke batetik eta beren etxe eta herrietatik at bizi diren iheslariek Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidearen bermea bestetik.
Eszenatoki honek, historikoki gure herriak irrikatu duen askatasun eta bake egoera ahalbidetuko luke, etorkizuneko belaunaldiei utz geniezaiekeen legaturik onena izanik.
Euskal Herria, eszenatoki desmilitarizatu baterako markoa:
Euskal Herriak, gatazkaren desmilitarizazioa mailaka ahalbidetuko lukeen eszenatoki dinamikoa eraikitzeko benetako aukera bere eskuetan izango luke.
Zentzu honetan, bi Estatuek armen erabileraz eta bortxaz gure herriaren eskubideen zapalketa mantentzeari uko egingo liokete eta, gure herrian dituzten indar armatuen erretiratzea garatuko lukete.
AZKEN HITZA
Dokumentu honek Batasunaren posizioak finkatzen ditu eta bakearen aldeko dinamikarako ekarpen gisa ulertu behar da. Zentzu honetan, bake prozesuaren bidean aritzeko eman daitezkeen hausnarketa, proposamen eta ekarpen guztien aurrean jarrera irekia mantenduko dugu.
Euskal Herrian, 2002eko urtarrilak 26